top of page

Suburbia berrien utopia Metropoliaren kontra

Artikulo hau Aldiri (http://www.aldiri.eus/2017/05/03/29-zenbakia-suburbia/) aldizkarian argitaratu zen bere 29garren alean

1. Euskal Hiri beretik sortu ginen?

Bernardo Atxagak Euskal Hiria kontzeptua «bota» zuenetik, honek, irakurketa, erabilpen aldrebes eta kritika zehatz batzuk ere jaso ditu. Atxaga sarri itzuli da Euskal Hiriak har zitzakeen ibilbide kontzeptual berrien inguruan hausnartzera baina berak izendatzen dituen “iraultzaile intermitenteek” ez dute kontzeptu batek berezko duen memoria onartu, eta haien kritika sinplifikatuetan darraite.

Atxagak, terminoa utopia berri bat eraikitzeko tresna bezala ulertzen du. Sorturiko kritika eta eztabaida ordea, Euskal Hiria eta neo-konserbadoreek bultzatutako metropolizazio prozesuak gauza bera bezala identifikatzean kokatzen dira.

Bestalde, Euskal Hiri-ko suak berpizteko, gaur egun nonahi saltzen den berrikuntza sozialak aukera egokia topatzen du berrikuspen produktibista hutsal bat bilakatzeko Euskal Hiria, bere memoriaren kalterako.

Honekin batera datoz orokorrean hustuta datozen partaidetza aldarri eta esloganak, politika askoren marketing estrategia estetizatzaile bezala. Agertzen diren neo-kontzeptu berriak, adibidez Hiri-erregio, metropolizazioaren eufemismoak besterik ez dira. Eta metropolizazioak hiri, herri eta lurralde zatiak batzen ditu etenik gabeko euskarri berriak bailira. Handitasunak emango dio lurralde zatiari bisibilizazioa mundu globalizatuan.

Edward W. Sojak (2000) azaltzen dizkigu estatu batuetan 90 hamarkadatik aurrera sorturiko metropolizazio efektuei eginiko erresistentzia eta kritikak. Feminismoak, queer teoriak, analisi postmarxistak eta kritika postkolonialak agerian uzten dituzte, Sojak azaldu bezala, metropolizazioen zulo beltzak, esklusioak, injustizia espaziala eta arrazismo moduak. Bai han eta baita hemen ere, partaidetza eta justizia espaziala aldarrikatzen dituzten irrupziozko prozesuak agertzen dira. Hiri-erregioak (edo post-metropoliak) aukera berri bezala agertu arren ordea, berriz ere kapitalaren espazio berrien paisaia biurtze bidean daude.

2. Metropolia suburbiaren kontra

Metropoli terminoaren etimologiak argitu ditzake non diren prozesu honen azpi estrategiak. Giorgio Agamben-ek 2006an Venezian esandako hitzadian gogorarazi bezala, «Metropoli» hitza Greziatik dator. Grekoek, Metropoli hitza Ama-hiria izendatzeko erabiltzen zuten, ama-hiria eta bere koloniak osatzen zuten Metropolia. Agambenek gogorarazten duen bezala, Greziatik datorren esanahia sare urbano homegeneo baten kontrakoa da, hots, ama-hiriak dominazio bat ezartzen du kolonizatutako beste lurralde zatien gain. Gaurko terminoaren erabilpenak intentzio berberak izan ditzake, metropolia kontrol dispositibo sare bat besterik ez izatea, nahiz eta teoria diskursiboek bestelako eszenario diztiratsuak eskeini.

Batzutan Metropoli, besteetan Euskal Hiri eta azken aldian Euskal Erregio. Hitzek politika jakin bat sortzen dute eta hauen menpe marrazten dira lurralde plangintzak hiri-berrikuntza eta bestelako foroetatik onartzen diren begirada teknifikatuak direla medio, mamuen antzera, lurraldea airetik soilik begiratuz, lurretik, sasiz beteriko larretatik, ikuspegiak ez bait die uzten metropoliaren osotasuna ikusten.

Langdon Winner (1983) galdera garrantzitsu bati erantzuna ematen saiatu zen bere “Do Artifacts Have Politics” testu ezagunean. Winner-en tesiak, edozein artefaktu edota azpiegitura teknologikoak beti osagai politikoa duela esaten du, nolabait, edozein asmakizun teknologiko agerian ez dagoen helburu konkretu baten norabidean dagoela alegia. Gure mundua ordenatzeko moduak dira teknologiak , egunerokotasunean txertatzen diren asmakizun eta sistemok giza jarrerak modu ezberdin zein zehatzen menpe ordenatzeko aukera dute.

Ohar bezala uler daitekeen testuak, teknologiak fede biurtzearekin duen erlazioa azaltzen du, beti ere, kapitalaren produkzio eta eraldaketa guztiei men egingo dien fedea alegia. Helburu errealak izkutatzeko, prozesu berri hauek Hiri-berrikuntza, Innobazio Sozial edo bestelako izendapen potolo gisa agertzen zaizkigu. Azken hamarkadetako azpiegitura fisikoen eraikuntzak, etorkizunerako mezu fededun batetan forma hartzen dute ikustezinago diren beste azpiegituren menpe.

Fede idealizatu hauek jarri dituzte lehen urratsak, benetako Euskal Hiriaren utopia sortzetik baino, Euskal Metropolitik gertuago egoteko. Euskal Hiria metropolizazio prozesuan dagoela isladatzen dute gaur gure lurralde zatiek distopia baten errepresentazio errepikagarri bezala. Eta metropolietan, dakigunez, denborak, abiadurak eta ekonomiak ematen dizkio forma eta mugak paisaia berriari (Soja, 2000), Bilbok ongi dakien kontsumo iruditeri berri eta inpostatu baten eraiketaren bitartez. Atzerabiderik gabeko (eta atzera begiradarik gabeko) azal hutsalez eraikitako bizi euskarri «progresistak». Euskal Hiri metropolizatu bateruntz garamatzaten hausnarketek ezinbestean onartzen dituzte hiperkonektibitatea, kontsumorako diztiren efektua eta azpiegitura teknolojiko berriak itsu itsuan gure lurraldetik ahalik eta azkarren, ahalik eta despolitizatuen pasa gaitezen. Suburbiarik gabe, ezberdintasunak ezabatuta, Metropoli globala.

3. Arkitekto Tenteak kapitalaren menpe

Globalizazioaren produkzio motak Hiri Generikoa (Koolhaas, 1995) sortzen du. Koolhaas-ek hiri garaikidea aireportu batekin alderatzen du, identitateak desagertzen diren “ez-leku” (Augé, 1992). Mugikortasun sutsuak eta abiadurak, espazio kulturalak ezabatzen ditu homogeneizazio joko-taula berrian. Lekuek ez dute izendapenik metropoliaren izaera gizajalearen eskena berrian. Identitate galerak, testuingurua, memoria eta lekuekiko jakintza eta pertenentzia beharren desagerpena dakar gaurkotasunak.

Hortaz arduratuta, urbanizazio kapitalistak iruditeri berriak sortu eta txertatzen dizkigu han hemenka modu narkotiko lasaian. Kapitalaren hegemoniak hiriak bere forma eta beharren arabera moldatzen ditu. Esanahiez hustutako termino “gasifikatu”ek ematen diote behin eta berriz urbanizazio modu dominatzaileari zentzua.

Garai modernoak azaldu zigun arkitekto figura tente, maskulino eta heroikoa, inongo kritikarik gabeko ariketa etengabean, estatu forma ezberdinen istrumentu eraginkor izan zen. Modernitatearen paradigma, Le Corbusier-ek “asmatutako” Modulor5 legeetan agertzen zaigu «gizon librearen» irudia da. Neurri eta lege unibertsalen bilaketan, gizonezko baten gorputzak eguneroko funtzioetan beharrezko dituen arkitektura eta objetuen neurri estandarizatuak ezartzen ditu arkitekto suitzarrak. Ze gorputz irudikatzen du Le Corbusier-en Modulor eskemak? Gizonezko europear estandarizatua. Honen harian, Beatriz Colominak (2010), emakumeak arkitektura modernoaren mamuak direla dio, beti presente, ezinbesteko baina bitxiki ikustezin. Marko honetan garatu ziren modernitateak garatutako distopia guztiak, sistema patriarkaletik abiatuta, eliteak eta kapitalaren garapenak sustaturiko mekanismo diztiratsu mediatikoak.

Gizonezko subjektu heroikoa eman digu ordainetan posmodernidadeak bere azkenetan, XX mendeko gerra arteko garaian «saldutako» figura berbera. 60-70 hamarkadetan zalantzan jarri zen eredua indartuagoa azaldu da XXI mende hasera honetan.

Manfredo Tafuri (1972) izan zen arkitekturaren praktika eta ideologiaren arteko lanketan, modernidadeko abanguardien paper “aliatua” garbien kritikatu zuena. Modernitatean garatu ziren arkitekturak estatuen propaganda eta kontrol mekanismo bezala agertu zituen. Gatazka eta ezberdintasuna ezabatzeko dispositibo ezinhobea.

Posmodernitatetik gaurdaino ezinhobe garatu den mekanismoetaz ohartzen gaitu Tafuri-k, hots, muturreko kapitalismoak, edozein forma edo mugimendu erradikalena bereganatu eta merkantilizatzeko duen kapazitateaz alegia. Honekin batera, Tafuri-k arkitekturari egotzi dio hiria eta produkzio egituren arteko gatazkan amore eman izana. Momentu horretan, arkitektura praktikak disziplina autonomo bezala egiten du aurrera etengabeko teoria auto erreferentzialak garatuz gaurdaino.

Eta bitartean, estatuen makinariek, arkitekturaren praktika araudi eta kontrol zorrotzagoak ezartzeko erabiliko dute mekanismo efizienteen bitartez.

4. Arkitektura emantzipatuaren utopia.

Jaques Rancier-ek (2008) deskribatzen duen bezela, emantzipazioak es du lekurik politika erreformisten bidetik. Emantzipazioak, praktikan galdutako erlazioaren reapropiazioa bilatu behar du.

Rancier-ek emantzipazio kontzeptuaren bilakaera azaltzen digu, lehen momentuan hartu zuen esanahitik -minorizatutako edo dominatutako egoera batetik irtetzea- gaur egun dituen ibilbide kontzeptualak azaltzerarte. Marx-ek azaldutako gizarte unitateen hausturatik, emantzipazioa, komunitateek galdutako ondasun baten reapropiazio global bezala ager daiteke soilik. Momentu hortatik aurrera, zientziaren promesak hartuko du alegiazko emantzipazioa baten irudia, sekula ailegatuko ez den askapenaren islada alegia.

Zientziak askatze ilusioa sorrarazten du, baina, era berean, Bruno Latour-ek azpimarratzen duen moduan, “modernitatea, politikoki arriskutsua den helburua da”. «Progresoaren» ilusioak zabaldutako ideien artean dago, gizakia, planeta kontrolatu eta egonkortzeko kapaza izango dela. Honekin bat, zientzia eta teknologia garapenek, emantzipazio eta antropozentrismoa sustatu dute. Gatazka edo egoera kritikoen aurrean gaiak teknifikatu edo zientifikatzeak sortzen ditu fede berriak eta ondorioz, ageriko despolitizazio prozesuak.

Arkitekturan, besteak beste, eraikin ekologikoak "datu-eraikin monitorizatu" biurtu dira. Ondorio garbia du ekologia-guztiak datu eta tekno-zientzia biurtzea; bere esanahia hustu eta «adituen» esku uztea honen inguruko eztabaida-gidatua alegia. Era berean, agintari eta beraien «aditu» aliatuek bakarrik dute zilegitasuna datu errealak aztertu eta erabakiak hartzeko, azken momentuan, ilusiozko gizarte emantzipatu batekin partekatzeko: Opio berri baten sorrera.

Erik Swyngedouw-k dio jasangarritasun bezala mozorrotutako planifikazio moduak direla herriaren opio berriak. “¡La naturaleza no existe! La sostenibilidad como síntoma de una planificación despolitizada” izenburupean, naturaren fetitxizazio prozesua azaltzen du, fantasiaz eta desioz erakutsi zaigun natura kontsumorako baliabide bezala, eta aldi berean, natura ordenatu eta orekatu baten ilusioa salduz. Gatazka ekologikoa estaltzera datorren estrategia dela dio Swyngedouw-k bere lanean, eta ondorioz «Natura»ren kontzeptua bera gaitzestea proposatzen du. Beste alde batetik, kapitalismoaren menpe diren estaduen politikak, errealitatea ulertzeko gaitasunik gabe, gatazka ekologikoak, gizakiaren jarraipenerako mehatxu diren mezua zabaltzen dute. Oraindik ere, kapitalaren menpeko demokraziek diote, zientzia eta garapena izango direla gizakiaren salbazio.

Naturaren inguruko diskursoak, jasangarritasuna eta arazoen teknifikazioak dira opio berriak, despolitizazio dispositibo eraginkor ezinhobeak. Ekologiaren eskala guztiak (arkitekturan bezala) mahai gainean jartzean, zientzia eta datu hutsaletatik haratago dauden "pentsamendu -produkzio" berriak agertzen dira benetako eztabaida sustatu ahal izateko. Ordurarte, arkitektura eta ekologia zientzia laborategi itxitan soilik ernalduko dira. Onartua dago -datuzaleen artean ere- eraikuntza dela, giza aktibate bezala, energia eta baliabide gehien ustiatzen dituena. Arkitektura, planifikazio, kontrol eta arau geometrikoen kontrol ariketen zurrunbiloan sartuta jarraizten duen bitartean, botereek objektu eraginkor bezala erabiliko dute, istituzio disziplinarioek arautzen dituzten burokrazia modu guztiei men eginez.

Bestalde, jasangarritasuna eta ekologia izan ziren modu berean, orain, parte hartzea biurtu daiteke bizi dugun mende haserako opio berria. Emantzipazio zabal baten eremu bezala uler daitekeena, era berean despolitizatu daiteke merkatu-hiriaren kaptazio makinarien bitartez. Positibismo berriek partaidetzaren mozorroa erraz jantziko dute.

Demokrazia parte hartzaile bezala izandatzen diren erakunde batzuk bultzaturiko prozesu askok, politika publikoen gaineko erabakien legitimazioa besterik ez dute izan helburu. Partaidetza, bere zentzu zabalean ulerturik, komunitate esperientzia berreskuratzeko ezinbesteko tresna biurtu beharko balu, espazio autonomo eta komunitate antolatuen sareak lirateke erakundeek indartu beharrekoak, esperientziak istituzionalizatzeko ilusioan eror ez daitezen. Gune ezberdin horien tarteko espazio eta momentuak dira, arkitekturak bere azken garaiko «profesionalizazio» zientifikatutik aldenduz, praktikaren emanzipazioa gauzatzeko duen aukera ezinbestekoa.

Hala ere, Ramón Fernández Durán-ek (2011) zioen moduan, kapitalismo globalaren kiebra ate joka dugu. Zibilizazio industrialaren kolapsoa 2030 urterako dago aurrikusia mugimendu ekologisten arabera. Atzerabiderik gabeko eszenarioak, erragai fosilen gainbeheraren aitortzak kapitalismo globalizatuaren lehertzea ekarriko du. Ondorioak progresiboki nabariko dira bizi ditugun espazio eta egunerkotasunean. Emantzipazio perspektibak aldarrikatzen zituen Durán-ek energia kontsumo ahalmenaren gainbehera progresiboa datorren bitartean. Politika-fikzio ariketa dirudienak, epe ertain batetan irudi erreal eta gordin baten gorputza hartuko du eta ziurgabetasuna izango da nagusi. Gauzen eta espazioen finkotasun ezak, ziurgabetasun eta moldakortasunak dekonstrukzioaren berrikuspen sakon batetik azterturiko lanketa izan dezake bide-lagun:

80 hamarkadan Jacques Derridak garatutako «dekonstrukzio» kontzeptuak harrera zabala izan zuen garaiko arkitekto ezberdinen artean. Derridak batez ere, Peter Eisenman-ekin egin zituen elkarlan saiakerak. Hala ere, elakarlan hura ezerezean geratu zen arkitektoaren formalismo beharragatik. Jaques derridak berak, azkenean Eisenmani idatzitako gutunak agerian utzi zuen arkitekturaren formalismotik haratago Eisenmanek ez zuela interes nabaririk dekonstrukzioaren benetako oinarrian, hots, arkitekturaren potentzia politikoan.

Derridak arkitekturari eskeintzen dion sublimotasun gaitasuna inoiz gauzatu den kezka agerian utzi daiteke. Esfera artistikoan murgildutako abanguardiek, objetuen eta errepresentazio hutsen mundutik eta esposizio kontzeptutik ihes egiteko -garaiko burgesiaren merkatu eta produkzio formetatik emanzipatzeko intentzioz- sublimotasuna erabili zuten. Arkitekturak ez digu erakutsi ordea dimentsio horietan mugitu izan denik, errepresentazioa eta etengabeko esposizioa bait dira bere tresnak behin eta berriz.

5. Suburbia berrien bila

Dekonstrukzioaren ibilbideak, etengabeko berpentsatze bat eskatuko luke, antagonismoen «irrepresentazio» eutsiezin baten moduan, hiria edota demokrazia, beti ailegatuko den zera izango dela onartzea. Horretarako partaidetza mekanismo edo esperientziek erakusten dizkiguten formulazioak dira indartu beharrekoak, ez istituzioen estetizazio parte hartzaileak.

Mumfordek aldarrikatu zuen hiriaren ber-asmakizun guztiek utopia baten eraketa zutela bere lehen urrats bezala. Idealizazio mailara iristen denean ordea, liturgia baten antzekotasuna hartzen duenean, hiriaren eta lurraldearen baloreak erlijioen antzeko idealizaziotik osatzen dira eta azken hauen kasuan, ezinezko izango diren baloreen eraikuntzak eta dominazioa formak agertzen dira. Azken finean, botere praktikan oinarritzen diren estrategiak besterik ez bait dira.

Utopia beraz, idealizazio eta etika harrapaezinen eraikuntza bat baino, arkitektura berri baten lehen urrats biur daiteke, hain zuzen, nostalgiarik gabe begiratuko genukeen larre horren barne eman beharreko lehen urratsa, arkiteturaren emanzipazioruntz bideratuko duen tresna, ibilbide ezberdin asko irekiko dituen toki agonistiko bat.

Ba al du formarik erresistentziaren arkitekturak? Beharbada arkitektura emantzipatu errealak ez luke forma finkorik aldarrikatuko, alderantziz, kaptatzeko ezina izango den arkitektura politikoa, proposamen iheskor zein moldakor, mugikor edota suntsitzaile bat, besterik ez.

Hor da Euskal Suburbien erronka, euskal hiri edo herri izatetik, hots, efektuen paisaia diztiratsu eta nostalgiko izatetik, afektu partekatuen paisai-sare bihurtzea alegia.

Metropoliaren argi itsutzaileetatik urrun, eten eta dibertsitatez beteriko lurralde zati bezala, Euskal Suburbiek bestelako politika praktikak beharko lituzkete, berriz ere ipurtargiek argituko dituzte erresistentzia espazio txiki sare amaigabeak, komunitateak alegia, Didi Hüberman-ek (2009) maisuki deskribatu zuen paisaia.

Eta irudi-sare berri honek komunitate forma plurala hartzen duen momentuan, orduan, berriz ere, Euskal Suburbiak etengabeko dekonstrukzio bidean jarriko dira. Azken finean, Derridak dion bezala, arkitektura erreala komunitatearen beharrak barneratzen direnean azalduko baita.

Bibliografia

Agamben, G. (2005): Estado de Excepción, Adriana Hidalgo, Buenos Aires.

Agamben, G. (1996): La comunità que viene, Giulio Einaudi, Torino.

Augé, M. (1992): Non-lieux. Introduction à une anthropologie de la surmodernité, Edition du Seuil ,Paris.

Antich, X. (2013): La Ciutat del Dissens. Espai comú i pluralitat, CCCB, Barcelona.

Bauman, Z. (2000): Liquid Modernity, Polity Press with Blackwell Publishing, Cambridge.

Cavarero, A. (2014): Inclinazioni. Critica della rettitudine, Raffaello Cortina, Milano.

Colomina, B. (2010): With or Without You: The Gosts of Modern Architecture, MOMA, New York.

Derrida, J. (1999): No escribo sin luz artificial, Cuatro ediciones, Valladolid.

Díaz Cuyás, J.(2008): Visiones aéreas: Robertson, fantasmagorero y aeronauta. Acto: Revista de pensamiento artístico contemporáneo. Número 4, pp 84-123.

Didi-Huberman, G. (2009): Survivance des lucioles, Les Éditions de Minuit, Paris.

Fernández Durán, R. (2011): La Quiebra del Capitalismo Global: 2000-2030, Virus + Baladare.

Lévi-Strauss, C. (1962): La pensée sauvage, Librairie Plon, Paris.

Mouffe, C. (1996): Deconstruction and pragmatism, Routledge, New York.

Mumford, L. (1922): The Story of Utopias, Boni and Liveright, New York.

Ranciere, J. (2008): Le spectateur émancipé, La Fabrique éditions, Paris.

Soja, E. (2000): Postmetropolis, Blackwell publishing, Los Angeles.

Tafuri, M., Cacciari, M,. Dal Co, F. (1972): De la vanguardia a la Metropoli. Crítica radical a la arquitectura, GG, Barcelona.

Winner, L.(1986): ‘Do artifacts have politics?’ in The Whale and The Reactor: A Search for Limits in an Age of High Technology, University of Chicago Press, Chicago.


bottom of page