top of page

Hirigintza bozkak airera


Pasa den azaroan prentsan argitaratu zen "Arrokako frontoia ez da zerutik ikusten". Iritzi artikulo hura Arkitektura eskolako hainbat irakasleek sinatu genuen. Testuak orokorrean jartzen zituen zalantzan hirigintza praktikatzeko modu arruntak.

Gai konkretu bat ordea ahaztu zitzaigun testu hartan nere aburuz:

Arrokako frontoiaren arazoa ez dela frontoia bera, atzekaldean egin duten urbanizazioa baizik.

Hala ere, airetik begiratzen jarraitzen duen partaidetza prozesuak (tamalez, deliberazioa gune bat proposatu beharrean, bozkatze hutsean laburbilduko dena) Arrokako frontoia seinalatzen du arazo gisa eta ez da atzekaldekoa arazo sortzaile gisa azaldu behin ere.

Beste irakurketa posible baten zain, hemen azaroan idatzitakoa:

“Zerutik gertu zuloak daude

zure bihotza bezain beltzak,

zerutik gertu ez dira entzuten albisteak

beren odol putzuekin,

gaizki egoten da zerutik gertu,

ez, nik ez dut zerutik gertu egon nahi,

hemen egon nahi dut, lurrean etzanda,

bere taupadak, amodioak eta miseriak

entzunez

…”

Ruper Ordorika

Ruper Ordorikak musikatutako “Zerutik gertu ez da ondo egoten” abestiak Dionisio Cañas poetaren hitzak hartzen ditu. Poetak ez du zerutik gertu egon nahi, handik, zerutik ez bait dira esperientzia errealak sentitzen, handik ez bait dira bizitzak eskeintzen dituen usain, soinu eta sentsazioak nabaritzen.

Badira zerutik gertu egotetik praktikatzen diren hirigintza moduak, hiria zerutik begira egiten dituztenak alegia. Gizakiak hegan egiteko ametsa kunplitu eta berehala erabili zituen “aire-teknolojiak” guda tresna gisa alde batetik eta lurraldea eta hiriak “ordenatzeko” bestetik. Metodo biurtu da airetiko bista geure hirien plangintzan.

Jakina denez, eta poetak ondo adierazi bezala, zerutik ez dira hiriek dituzten xehetasunak ikusten eta sentitzen, are gutxiago entzuten. Eta zerutik begira, hirien eraldaketak auzo zati berri estandarrak eskeintzen dizkigu ordainetan. Memoria edota aitzineko trazarik gabeko espazio publiko zabal eta homogeneoek definitzen dute oinarri juridiko-ekonomikoan besterik oinarritzen ez diren plangintzek. Bestalde, eginiko sarraskiak modu arinean erreparatze aldera, ondarea goraipatzen da arkitektura aukeratuei mozorroa jantzi eta hiri berrien errelato trajikomiko baten antzezle biurtuz, trasmisio ahalmenik gabeko eraikin goibelez beteriko paisaia.

Autokritika sakon baten faltan, arkitekturaren praktika zaharkituek nekez onartzen dute ondare eraikia babestetik haratago badirela hiriak jasotzen dituen bestelako memoria eta trasmisio mekanismoak. Hauek ikustezinak dira zerutik. Hiria memoriaren gordailu zein eguneroko bizitzen euskarri dela ulertzen dugunok, poetak dion bezala, nahiago dugu “lurrean etzanda” jarri, giza eskala duten kale eta plazen bilakaera sentitu eta auzoen memoria trazatzen duten izkin, marka edota soinuak jasoz berriz ere hiria berpentsatzeko.

Donostiak bere historian izan dituen auzo merkatuak desagertuta,orain, auzo plaza-frontoien desagertze isila datorrela dirudien honetan, hiria berpentsatze jarrai bat dela pentsatzen dugunon ahotsa altxatu beharrean ginake donostiako frontoi txikien frontisetan oiartzun egin eta erabakiok hartzera doazen ordezkari eta jarduneko kideen belarri, azal eta kontzientzian dardara sor dezaten.

Badira moduak hiriak berdefinizio etengabean murgiltzeko aurrekoen memoria trazadura eta hauei txertatuak diren bizipenak ezabatu gabe, haietatik izan bait dira gure hiriak auzoz hornituak eta gure auzoek egin dituzte hiriak bizigarri.

Azken finean ezberdintasunik gabeko hiriak gorputz hustuak besterik ez bait dira, mozorro trajikomikoak besterik ez, turismo eta hiritar estandarizatuen bizitza enmarkatzeko.


bottom of page