Paretak eta lurraldea
Darío de Regoyos_Basque celebration - Kataluniako Arte Museo Nazionala
2013ko Arkitektura: film mintzairak programaren barne, aktibitate paralelo bezala antolatutako "Donostiako atzekaldeak" ibilbidearen relato dira hurrengo hitzak
Las siguientes palabras conforman el relato del itinerario realizado "Las traseras de Donostia" como actividad paralela del programa Arquitectura: lenguajes fílmicos de 2013
_____________________
Donostiako atzekaldetan, korridoretatik at:
Tabakalera obra aurrean, udazkeneko larunbat bat, goizeko hamarrak. Donostiako ertz bat izandakoa zentralidade garrantzitsu bilakatzeko bidean da. “Klase kreatibo” deritzona han eta hemenka ibiliko da eraikin ahaztu honen inguruan bi urteren buruan. Inguruko auzotarrak, beraien egunerokotasunean, eraikinaren trasformazioari so egin gabe darraite gora eta behera.
Autobusa hartu eta Urki-koen egoitzan elkartu gera Iñakirekin. Iñaki, arkitekto eta arraunlaria da. Bere anai Jonekin batera egin zuen Urkiko eraikina autopista azpian. Autopista azpian, posmodernoek “ezleku” bezala definitzen duten paisaia Urkikoek memoriadun kutxatila biurtu dute. Iñakik egin digu hiri zatitxo horren trasformazioaren ibilbidea historia urbilean zehar. Beraien jarduerak bermatu du azpiegiturak sortzen duen harresia hautsi, zulatu eta nolabaiteko jarraitasuna emateko ibaiari eta ibaiaren inguruko ibilbideei. Harresi edo paretaren esanahi eta kondizioa ordea, nabariagoa da orain Riberas-ko auzoan, auzoa eta errioaren arteko autopistak sortzen duena alegia.
Ibilibidean aurrera darraigu. Ez dira mapetan agertzen zeharkatzen ditugun toki eta errealitateak.
Hamaiketarako Txomin Enean gaude. Han, auzo elkarteko kide den Moisesek itxaron gaitu. Lehenik Txomineko azoka ikusi dugu. Bertan, erreka ondoan, emakume heldu batek kontatu dizkigu bere bizitzako joan etorriak. Larunbatero hantxe jartzen da eserita azokaren mugimendua ikusten eta bere azken liburua irakurtzen. Ume exiliatu bezala 16 urte pasa zituela errusian eta bueltakoan bere gurasoak etzutela jada maite esan digu. Errusian “Lenin kabroaren” (bere hitzetan) aurrean dantzatu zituela euskal dantzak, baina jaio, Ulian jaio zela gogorazi nahi digu, bere gurasoak Uliako etxe baten zaindari baitziren. Eta euskerak baduela errusiarraren antzekotasun nabaria. Bihotza hitzak errusieraz soinu berbera omen duela (сердце).
Emakumea eserita dago, errekari bizkarra emanez. Ibilbidea jarraitu baino lehen gogorarazi nahi digu garai batetan hor bertan, Urumean, igeriketa txapelketak egiten zirela. Errioarekin zuten erlazioa egunerokoa zela.
Moisesekin batera mapa izkutuko ibilbideari jarraipena ekiten diogu. Txomin auzoan barna, artelekuraino goaz, honen ondoko etxemultzoaren hondakinak eraldaketa baten paisaia erakusten digutelarik. Auzoa hiru metro haziko da, hiru metro betelan behar dute auzo berria haren gainean eraikitzeko. Moisesek dio auzokideak onartzen dituztela auzo berriak sortuko dituen espazio eta eraikin motak. Bestelakoak dira beraien kezkak, Konforta eta berritasunak erakargarriak dira eraikuntza basiko batetan bizi izan den hiritarrarentzako. Ez dugu ordea auzoaren memoriaz hitzegin, ez da aukerarik azaldu, zientzia, teknika eta konfort berriek hartzen dute eztabaiden protagonismoa. Tira, errekaren kasuan bezala, arazoa “teknifikatzeak” fede berriak finkatzen ditu.
Joan gara kartzela eta ibaiaren arteko bidetxur batetatik. Hemen, ez da hiriaren aztarnarik somatzen. Kartzela ere laster desagertuko da beste atzekalde politiko batetara mugitzeko. Halere badiote batzuk gaur egungo kartzelek ez dutela orma ez paretarik, kartzelaren esperientzia hiriaren egunerokotasunean bizi dugula. Espazio publikoaren kontrola eta “beharren” eraikuntzak sortu dizkigutela gure kartzela propioak. Dispositibo ugari, libertade simulatua.
Autobusak hartu gaitu eta Astigarragako saiesbide azpiko errumanoen kanpamentura abiatu gara. Bertan Iñigo dago. Iñigok autoeraikuntza tailerrak gidatu zituen orain hilabate batzuk. “Romi” elkarteak, istituzio ezberdinekin batera, komunitate honen integrazio gradual baten proiektoa garatzeko bidean da. Normalizatuko dituzte beraz, “geure normalizazioan” atxikituko dituzte. Bitartean, Iñigok, errumano talde bati erakusten die autoeraikuntza prozesua inguruko material urbilak erabiliz.
Donostiara bueltan Martuteneko zubi parean imajinatzen saiatu gera Ur agentziak proposatu duena irudikatzen. Kalapie kolektiboak eginiko kontraproposamena ere azaldu digu Koldok. Eta ondoko Trinkete tabernan jarraitu dugu eztabaida, “azpiegituren zientziak” eguneroko bizitzan sortzen dituen talkak ekiditearen inguruan hitzegin du batek eta besteak. Konputadora eta simuladoreek ez dute zentzu “errealik”, baina bizi ditugun irrealitate urbanoak sortzen dizkigute. Eta ura azken finean azpiegitura konsideratzen bada gaur egun, ondorio zuzena du geure egunerokotasuna eta ibaien artean eraikitzen dizkiguten harresiak ulertzeko.